XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beste hainbeste gertatzen da gai kimikoen arloan.

Zerrenda luzeak daude osatuta minbizia sortarazten duten produktuen izenekin.

Aldiz, Estatu Espainolean badakigu zenbat jendek lan egiten duen egunero horrelako hamaika produkturekin harreman estuan: bentzenoarekin, 150.000 langile; Binil kloruroarekin eta etileno oxidoarekin, 50.000 kasu bakoitzean; Artsenikoarekin eta Kromoarekin, 45.000na; Kadmioarekin, asbestoarekin eta nikelarekin 30.000na.......

Emakumezkoari dagokionez, gauza bat bakarra esango dut: orain dela gutxi plazaratu zen datu batek zioenez, etxekoandreen artean ehuneko 87-k gaisotasun bat sufritzen dute beren lanaren ondorioz.

Ez aspertzearren, bukatu egingo dut, baina nahi izanez gero, jarrai dezakegu ustelkeria gehiago ateratzen.

Amaiera gisa, galdera bat bururatzen zait, eta baliteke zuei ere beste hainbeste gertatzea: PSOEko sasisozialistekin ez al dira zertxobait aldatu gauzak? Ez al da hobetu egoera larri hori?.

Ba, egia esateko, egoeraren larritasuna ez da ezer aldatu zifrak ikusi besterik ez dago eta aldaketa hutsaren hurrengoa izan da legeetan edo langileen defentsarako neurrietan.

Oraindik ikusteko gaude nagusi edo ugazaba bat gartzelan sartzen bere langileek jasandako istripuen erantzunkizunagatik; jendilaje horrek, sozialistekin ere betiko joku berbera egiten jarraitzen du lasai asko: istripuei aurre emateko xentimorik ere ez gastatu eta langileren baten gorpua burdina tartean txikituta geratzen den bezain pronto, beste baten bila joan eta hor konpon mariantton.

6.- Zergatik gertatzen da guztiau? Non dago gakoa gaurregungo gizartean horrenbesteko arazo soziala eman dadin? Ez al dago modurik etengabeko katea hau hausteko? Komenigarria iruditzen zait, lehendabizi, gai honi buruz langileen pentsamoldeetan, filosofia gisa, sartuta dauden zenbait ideia oker aztertu eta kritikatzea.

Ideia horietako bat da istripuak nahitaezkoak, halabeharrezkoak, direla; lan egiteagatik norbaitek bidaliko zigukeen zigor bat, edo ogibide bat edukitzearen truke pagatu beharko genukeen ordain bat.

Filosofia horren ondorioak oso kaltegarriak dira: askok normaltzat jotzen du bere alboko laguna eskurik gabe geratzea, edo 45 urterekin bizkarrezurra zeharo okertuta edukitzea, edo Bizkaiko Labe Garaietan bi eguneko epean hiru langile hiltzea.

Beste ideia oker bat, oso zabalduta dagoena hau ere, enpresari eta agintariek ereiten dutena da: norberaren osasunaren jabe norbera da, eta norberaren esku dago osasun ona edukitzea eta istripurik ez izatea.

Eta hori kaskoak, maskarilak, botak eta gainerako tresna pertsonal babesleak erabiliz lortzen omen da, eta ez legeak onartuz.

Lantokietan ematen diren seguritateko ikastaro guztiak filosofia horretan murgilduta daude.

Horrela, benetako erantzuleek ez dute sekula azaldu beharrik izango, zeren eta bi filosofia horien arabera, beti eta azken finean, langileak ditu erantzunkizun guztiak, bera da erruduna, eta enpresaria eta agintariak beti salbo geratzen dira.

Baina, galdetzen dut nik, norena da kargua eta erantzunkizuna lantokiak organizatuta dauden bezala egon daitezen?.